Zer da?

Mimukai, Leitzako hizkeran, txertatzen den arbolaren lehen kimua da eta horixe izan nahi du proiektu honek eskualdearen garapenerako. Ideiak sortzea, garatzea, loratzea… ahalbidetuko duen bultzada.

Ideia guztiek behar dute abiapuntu bat, borbor eginen duten toki bat. Horretarako sortu dugu Mimukai garapen zentroa; aukera berrien kabia izanen dena.

Mimukai sarea

Topagunea. Elkarlana. Sinergiak. Zubiak

Sarea sortzea ere bada Mimukairen helburuetako bat: bertako enpresen erakusleihoa, topagunea eta elkarlanerako bidea izatea. Mendialdean egindako parte-hartze prozesuek erakutsi zuten, enpresek ez zutela beste enpresen berri eta herritar ugarik ere ez zituztela bere inguruan zeuden enpresak ezagutzen. Elkar-ezagutza hori bultzatzea izanen da lehenbiziko erronka.

Eskualdeko enpresa sarearen eta tokiko erakunde publikoen artean ere sortu nahi ditugu sinergiak. Elkar ezagutzatik elkarlanerako bideak irekiz.

Elkarlan horretan ezinbesteko tresna da Mendialdeko behatoki sozioekonomikoa, eskualdeko udalek, Plazaola Partzuergo Turistikoak, Cederna Garalurrek eta eskualdeko hainbat eragile eta elkartek osatzen dutena. Hor onartzen baitira lan-ildoak eta proiektuak.

Zubiak eraikitzea ere bada Mimukairen egitekoa eta eskualdean egin bezalaxe, sarea eskualdetik kanpora zabaltzea. Hala, eskualdetik kanpoko erakunde, enpresa eta eragileekin ere sareak eta elkarlana bultzatu nahi ditugu.

Horrekin batera, Nafar Lansarearekin ere elkarlanean ari gara ekintzailetza eta enplegua sustatzeko. Nafar Lansareak Mimukain bertan eskainiko ditu formazio saioak, orientazioa eta enpresen prospekzioak.